Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bismarck, Otto

(Otto Eduard Leopold von Bismarck-Schönhausen). Alemaniako politikari eta agintaria (Schönhausen, Brandeburgo, 1815 - Friedrichsruh, 1898). Junker edo Luteroren aldeko lurjabe familia batean jaio zen. Zuzenbide ikasketak egin zituen Berlinen eta Prusiako administrazioan hasi zen lanean. 1839. urtean utzi zuen kargua, lan hura ez baitzuen batere gogokoa, eta Pomerania aldera erretiratu zen. 1847an Prusiako Landtag edo Parlamentuko diputatu hautatu zuten; eskuin muturreko ordezkari izan zen. 1848ko martxoko Iraultzan Friedrich-Wilhelm I.ak ahuleziaz jokatu zuela salatu eta berak antolatu zuen iraultzaren zapalkuntza. Oso kontserbadorea zenez, enbaxadore egon zen Frankfurteko Biltzarrean (1851-1858), eta Austriaren aurkako jarreren alde egin zuen han. San Petersburgon (1859-1862) eta Parisen (1862) izan zen ondoren. 1862ko irailaren 23an Prusiako Wilhelm I.a enperadoreak Lehen Ministro egin zuen. Benetako diktadura ezarri zuen bere erregearen baimenarekin (aurrekontuak goi-ganberatik pasatzeko eskubidea eta prentsari oztopo handiak ezarriz). Eta bere helburua lortu zuen horrela: Prusia indartsu bat egitea. Munduko lehen armada osatu ondoren, Austriaren aurkako gerra hasi zuen, hura Alemaniatik erabat bereizteko, eta Europako gainerako estatuen neutraltsuna erdietsi zuen. Prusiak Austriaren aurka garaitu ondoren (Sadowa, 1866), Ipar Alemaniako Konfederakundea sortu zen, eta Prusiaren manupeko eta Habsburgotarrik gabeko (Pragako Ituna) Prusia batua azaldu zen lehen aldiz. Arrakasta honen ondoren, barne-politika zela eta aurkari izan zituen liberal asko eta asko bereganatu zituen Bismarckek. Baina Alemania osoaren batasuna lortzeko hegoaldeko estatuak bereganatu behar zituen. Trebea eta maltzurra zen izan, eta Frantziaren aurkako gerrara lerratu zituen hegoaldeko estatuak Prusiarekin batean. Frantziako gudarosteei nagusitu ondoren (Sedan, 1870), Hego Alemaniako estatuak iparraldekoekin bateratu zituen, eta Bavaria batasun horretan sartu zuen. 1871ko urtarrilaren 18an sortu zen Alemaniako inperioa. Reich edo inperioko kantziler eta Prusiako Kontseilu burua zen. Inperioa sendotzen ahalegindu zen, alemaniarren batasunaren aurkako indar guztiak azpiratuz. 56 urte zituenerako izugarrizko aginpidea bildua zuen. Enperadorearen aurrean baizik ez zen makurtzen, baina hala ere Parlamentuan gehiengo indartsu bat antolatzea falta zitzaion. Gobernatu ahal izateko zenbait alderdi burgesen laguntza izan zuen. Nazional-liberalekin, Kulturkampf («kultura edo zibilizazioaren aldeko borroka») zelakoa antolatu zuen katolikoen aurka. Baina neurri honek ez zion onik ekarri, erdiko alderdia ahaltsua izaki. 1880tik aurrera, nazional-liberalak eta zentristak bildu zituen gobernuan sozialisten gorakadari aurre egin ahal izateko. Nekazarien eta metalurgiako langileen aldeko babes neurriak hartu zituen eta, enperadorearen aurka izandako bi erasoak aitzakia harturik, erabat debekatu zuen sozialisten propaganda. Bitartean, Europako lehen araudi sozialari ekin zion (eritasunerako, istripuetarako eta zahartzarorako aseguru sistema derrigorrezko bihurtu zuen, 1883-1889). Lege hauengatik guztiengatik ere, sozialismoa gero eta indartsuago ageri zen. Bismarcken lehen porrot handia indarrez bereganatutako herrien aldetik etorri zen (Schleswigeko daniarrak, poloniarrak eta Alsazia-Lorrena). Germaniartze politikak ez zuen haiengan espero zen arrakastarik izan, eta are gutxiago zapalkuntzak. Alsazia-Lorrenako auziak gero eta zailagoak egin zituen Frantziaren eta Alemaniako inperioaren arteko harremanak. Frantzia bakartzeko xedean, Bismarckek hiru enperadoreen arteko itunak berpiztu zituen (Alemania, Austria-Hungaria eta Errusia, 1872an). 1881 eta 1884an berritu zituen gisa horretako aliantzak. Europako diplomaziaren erdigunean egon zen Bismarck hogei urtez, artekari nahiz lehiakide (Berlingo Kongresua, 1878; Berlingo Konferentzia, 1884-1885, Bismarckek Alemania kolonizazio bideetan abia zedin onartu zuen une bakarra). Kolonizazioari buruz Wilhelm II.arekin zituen ezadostasunak zirela eta, Bismarckek agintea utzi behar izan zuen, gogoz kontra, 1890eko martxoaren 20an. Pomeraniara erretiratu, eta bere oroitzapenak idatzi zituen gero; Wilhelm II.ari eta bere ondokoei kritika gogorrak egin zizkien lan horretan.