Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Binoche, Juliette

Frantses antzezlea (Paris, 1964). Aita antzezlea zuen eta ama arte dramatikoko lantegi bateko sustatzaile. Lizeoan ikasten ari zela hasi zen antzerkiak prestatzen eta baita antzezten ere. Komediak, telefilmak eta publizitate iragarkiak egin zituen. Zineman egin zuen lehenengo agerraldian hiru hitz esaten zituen, Liberty Belle (1983) lanean. Jean-Luc Godardek paper txiki bat idatzi zion Je vous salue Marie (1985, Agur esaten esaten dizut Marie) lanean. André Téchinéren Rendez-vous (1985) lanarekin lortu zuen arrakasta. 1986an, Léos Carax-en zuzendaritzapean, Mauvais Sang (Odol gaiztoa) filmatu zuen, eta 1988an L'Insoutenable Légèreté de l'être (Izakiaren arintasun eutsiezina) filmeko protagonista izan zen. Caraxekin aritu zen berriz ere Amants du Pont-Neuf (1991, Pont-Neuf-eko maitaleak) lanarekin. Beste lan aipagarriak ditu: Louis Malleren Fatale (1992) eta Krzysztol Kieslowskiren Hiru kolore: urdina (1993) trilogiaren lehenengo partea. Azken lan horrekin antzezle onenaren Cesar saria jaso zuen. 1997an Oscar saria eman zioten Anthony Mingellaren Ingeles pazientea (1996) filmean egin zuen lanagatik.