Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bigorra

(Gaskoiez Bigorre; fr. Bigorre) Frantziako hego-mendebaleko lurraldea (Pirinio Garaiak), erdialdeko Pirinioetan eta Aturri ibaiaren goi arroan. Pirinio Garaiak departamenduko alderik handiena hartzen du. Mugak: Astarac eta Armañac, iparraldean; Huesca (Goi Aragoi), hegoaldean; Nebouzan, ekialdean eta Biarnoa, mendebalean. Aturri ibaiak mugatzen ditu Bigorra eta Nebouzan lurraldeak. Hiri nagusiak: Tarbe, Lourdes, Bagnères-de-Bigorre, Rabastens-de-Bigorre, Saint-Pée-de-Bigorre, Vic-en-Bigorre.  v  Ekonomia. Nekazari lurraldea da nagusiki; industria Tarbe aldera biltzen da (80.000 biztanle aldiriak barne. Ohiko industria eta hegazkingintza). Zentral hidroelektrikoak. Turismo garrantzitsua (ur termalak).  v  Hizkuntza. Bigorrako berezko hizkuntza gaskoia da, bigourdá izeneko dialektoa. Gainerako lurralde ez frantsesetan ez bezala, bertako hizkuntza bazterturik dago hezkuntzatik eta komunikabideetatik, eta erabilera guztiz murriztu da (nekazarigune batzuetan izan ezik).  v  Historia. Akitaniako lurraldea (bigerrioni) izanik, galiarra ez beraz, bigorratarrak eusko-akitaniarrak ziren. Euskara edo euskararen familiako hizkuntza X. mendea baino lehen galdu bide zen, gaskoi erromantzeari leku eginez. Novempopulania probintzia erromatarraren barnean, Baskoniako dukerriko konderria izan zen eta Tarbe zuen hiriburua. Biarno, Foix eta Nafarroaren mendeko konderria, Frantziako koroara igaro zen Nafarroako eta Frantziako Henrike IV.a erregearen garaian (1607). Frantziako Iraultzara arte (1789), gorde zituen bere foru bereziak (Bigorrako forua, 1097, ezagutzen diren zaharrenetakoa da). Eneko Arista Nafarroako lehen erregea Bigorrakotzat jotzen du hainbat kronistak; inola ere ziurtatu ezin den datua da, hala ere, Bigorra, Baigorri eta Baigura kroniketan nahasian ageri diren izenak baitira.