Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Biblia

Erl. Kristauen eta juduen idatzi sakratuen bilduma, Itun Zahar eta Itun Berrian banatua. ik. idazteun.  v  Biblia judua. Biblia hebrearrak (pasarte batzuk arameieraz idatziak dira), zaharrenak K.a. XI. mendekoak (Deboraren abestia, Epaileak, V) eta berrienak K.a. II. mendekoak bide diren testuak jasotzen ditu. Kanona K.a. V. mendean finkatu zen eta, betirako, Jamniako sinodoan (K.a. I. m.). Testua, kontsonanteei dagokienez, kristau aroko lehen mendeetan finkatu zen (500. urtearen aurretik); berridazketa kritikoa eta bokalak finkatzea masoretek egin zuten; X. mende hasieran bukatu zen lan hura. Biblia hebrearrak TaNaK izena hartu ohi du, osatzen duten hiru atalen hasierako letrez eratutako anagrama dena alegia. Hauek dira atalak: 1) Legea (Torah): Genesia, Exodoa, Lebitarrak, Zenbakiak, Deuteronomioa; 2) Profetak (Nebî’îm), Aurreko igarleak: Josue, Epaileak, Samuel I eta II, Erregeak I eta II, eta Ondoko Igarleak: Isaias, Jeremias, Ezekiel eta hamabi igarle txikiak (Oseas, Joel, Amos, Abdias, Jonas, Mikeas, Nahum, Habakuk, Sofonias, Ageo, Zakarias, Malakias); 3) Idatziak (Ketubin), hiru poema liburuak: Salmoak, Esaera Zaharrak, Job; bost megilloth (arrabol): Abesti Ederrena, Ruth, Negarrak, Ecclesiastes (Koheleten liburua), Esther eta Daniel, Esdras, Nehemias, Kronikak I eta II.  v  Biblia hebrearraz gainera, itzulpenak ere erabili zituzten antzinako juduek: Hirurogeita hamarrena deituriko grekozko itzulpena, Biblia hebrearraren ondoan oso desberdina. Liburu izenak eransten ditu: Esdras III, Makabearren lau liburu, Tobias, Judith, Manasesen Otoitza, Baruk, Jeremiasen gutuna, Sirak, Salomonen jakinduria, eraskinak Daniel eta Esther liburuetan; targum (itzulpen) arameiarrak, parafrasiak gehienbat (I. mendetik aurrera).  v  Biblia kristaua. Biblia juduari (Hirurogeita hamarren bertsioari gehienbat) erlijio berriaren testuak erantsi zizkioten lehen kristauek, bi sailak Itun Zaharra eta Itun Berria izenez bereiziz. Itun Berriko liburuak 50. eta 150. urteen bitartean idatzi ziren, grekoz guztiak. Hauek dira: lau Ebanjelioak (Mateo, Marko, Lukas, Joan), Apostoluen Eginak, hogeita bat Gutunak, Apokalipsia (IV. mendearen bukaeran finkaturiko kanona). Biblia kristaua berehala itzuli zen: sirierazko itzulpena (Peshitto, Edesa, II. m.), koptoen bertsioa (II-III. m.), bertsio gotikoa (Ulfilas, IV. m.), bertsio latinoak (Vetus Itala, San Jeronimo aurreko bertsio guztiei ematen zaien izena; Vulgata San Jeronimoren berridazketaren fruitua da), eslaviarra (Zirilo Filosofoa, IX. m.). Vulgata bertsioa mendebal kristauan nagusitu zen Erdi Aroan. Jatorrizko bertsioetara (hebreera eta grekoa) itzuli zen Erreforma protestantearen aurrean, Trentoko Kontzilioak (1546) katolikoen Biblia ofiziala bihurtu zuen Vulgata, eta honen berrargitalpen bat egitea agindu zuten. Kanona berriro finkatu zen beraz. Kanon hebrearreko 39 liburuak, beste ordena batean azaltzen dira, eranskin hauez hornituak: Tobias, Judith, Salomonen Jakinduria, Sirak, Baruk, Jeremiasen Gutuna, Makabearren I eta II, eranspenak Daniel eta Esther liburuetan (protestanteek onartzen ez dituzten liburu deutorkanonikoak) eta Itun Berriko 27 liburuak.  v  Biblia Euskal Herrian. Bibliaren euskarazko lehen itzulpena 1571n egin zuen Joanes Leizarraga elizgizon kalbinistak, eta Roxelan argitara eman zuten. Joana Albretekoa Nafarroako erreginak egin nahi zuen erreforma gauzatu ez zenez, eta katolikoen artean Biblia itzultzea eta nork bere kabuz irakurtzea bultzatu ez zelarik, erreformak beste hainbat hizkuntzatan eragin zituen Bibliaren itzulpenak egin gabe geratu ziren, euskarari dagokionez. Testamentu Berriaren lehen itzulpenak L.L. Bonaparte printzeak bere hizkuntza ikerketarako eragin zituenak izan ziren; bitarte horretan, dena den, P. d’Urtek (1700 inguruan), J. Haranederrek, Joakin Lizarragak, Oteizak Bibliaren zati batzuk itzuli zituzten. L.L. Bonapartek eragin zituen itzulpenak Bibliaren atal edo liburu batzurenak dira gehienak, bi salbu. J.A. Uriartek alde batetik eta J. Duvoisenek bestetik egindako Biblia osoaren itzulpenak, harena osorik argitaratu gabea eta Duvoisinena (Londresen 1859-1865 bitartean argitaratua). Geroztik Biblia atalen itzulpen asko egin dira. Badira itzulpen osoak ere: R. Olabidek itzuli eta 1959an argitaratua. Y. Keuxetak bizkaierara egindakoa, eta Elizen arteko Biblia batzordeak batetik (1977az gero) eta Euskal Herriko Liturgi Batzordeak bestetik (1980az gero) argitaratzen ari direnak.