Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bernedo

Arabako udalerria (Arabako Mendialdea). Mugak: iparraldean Trebiñuko Konderria, ekialdean Cabredo eta Marañon, mendebalean Lagran, eta hegoaldean Kripan, Meano eta Guardia. Altuera 710 m. 131,37 km2. 1997ko datuen arabera, 557 biztanle ditu, aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago (bernedarrak). Herrigune hauek osatua da udalerria: Bernedo (herriburua), Angostina, Arluzea, Berrozi, Markiz, Okia, Nafarrete, Kintana, Durruma Kanpezu, Urarte, Urturi eta Villafria. Hizkuntza, gaztelania. Euskaldunak eta erdi-euskaldunak 72 dira gaur egun. Euskara XVIII-XIX. mendeetan galdu zen, baina eremu zabal batean erdarak zaharragoa dirudi. Hizkuntza banaketa 1996an: 11 euskaldun, 33 ia euskaldun eta 194 erdaldun. Gaur egun nekazaritza eta abeltzaintza dira ekonomia jarduera nagusiak.  v  Historia. Sorreraren data ezagutzen ez den arren, gauza ziurra da 1182. urtean Antso Jakitunak Guardiako Foruak eman zizkiola, eta Karlos III.ak berretsi zituela 1390ean. Karlos III.ak eta Joanek, Zuria erreginaren senarrak, eskubide ugariren jabe egin zuten Bernedo herria bere harresiak eta gaztelua babes zitzan. Bernedo Nafarroako Erreinuaren mende egon zen 1490. urtean Gasteiz hiriaren mende geratu zen arte.