Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bergson, Henri

Frantses filosofoa (Paris, 1859 - Paris, 1941). Poloniako judua zuen aita, eta ama Irlandakoa. Londresen bizi izan zen bederatzi urte bete arte, eta gero Parisen kokatu zen. Hainbat institututan irakatsi ondoren, Collège de France delakoan filosofia katedradun egon zen (1904-1914). Filosofia lan ugari utzi du, horien artean: Essai sur les données immédiates de la conscience (1889), doktoradutza tesia; Matière et Mémoire (1896); Le Rire (1900); L’Évolution créatrice (1907); L’Énergie Spirituelle (1919); Durée et Simultanéité (1922); Les Deux Sources de la morale et de la réligion (1932); La Pensée et le Mouvant (1934). Intelektualismo formalistaren kontrakoa zen; Kant eta neokantismoa ez zituen onartzen. Positibismo zientifiko eta materialista ukatuz, Bergsonen filosofia izpiritualista eta bitalistak kontzientziaren datuak hartzen ditu oinarritzat. Intuizioak durée hutsarekin jartzen gaitu ados (eta ez bizitza praktikoa egituratzen den denbora eta espazio kuantitatiboarekin), eta bizitzaren eta izpirituaren mugimendu libre eta sortzailearekin batzen gaitu. Esperientziaren fenomenologia, kontzientziaren psikologia, filosofia honek pentsatzeko eta hautemateko ohiko molde batzuk alde batera utz ditzan eskatzen dio adimenari. Bergsonen filosofiak halako arrakasta bat lortu zuen Bigarren Mundu Gerra aurretik, eta idazle eta filosofo anitzek izan zuten haren eragina, Charles Péguy-k eta Marcel Proust-ek adibidez. Académie Française-ko kidea izan zen. 1927an Literaturako Nobel saria eman zioten.