Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

berberiar

iz. eta izlag. Ipar Afrikako jatorrizko biztanleak, egun hainbat estatu arabiarretan banatuak eta berezko hizkuntza berberieraren dialektoren bat dutenak: Maroko, 4.000.000 inguru (xleuhak, riftarrak); Aljeria, 2.000.000 inguru (xauiak, auretarrak, kabiliarrak), 500.000 tuareg, Mzab-eko biztanleak, Djerba uharteko biztanleak eta Libia eta Egiptoko (Siwa) gune batzuk.  v  Historia. Berberiarrak historiaurretik daude Ipar Afrikan. Lurralde haietako itsasertzean egokitu ziren feniziar eta greziarrak, eta hainbat kolonia sortu zituzten; haien eragina handia izan zen itsasertzeko biztanleen artean (Kartago eta zibilizazio punikoa). Kartago hartu ondoren, Berberiako kostaldean egokitu ziren erromatarrak (egungo Tunisia, Ipar eta Ekialdeko Aljeria, Ipar eta Mendebaleko Maroko) eta berberiarrek aurre egin bazieten ere (Masinisa Numidia eta Mauritaniako erregearen garaian), ezin izan zituzten egotzi kolonietatik. Kanpotiko mehatxuei aurre egiteko bat egiten jakin arren, berberiar nomadak erabat sakabanaturik bizi izan ziren, eta bizi dira berberiar herriak. Gaur arte etnia bezala irauten lagundu dion barreiatze honek ez zion eta ez dio, ordea, batasun politikoaren aldeko borroka neurri berean bultzatu. III-IV. mendeetatik aurrera, zenbait berberiarrek kristau bihurtu eta hizkuntza latinoa onartu zuten. Judu koloniak ere eraiki ziren bertan, egungo judu berberierarren antzinakoak. Inperioaren azken urteetan (IV. m.) berberiarren altxamenduek indar berezia hartu zuten, baina 426. urtetik aurrera bandaloak nagusitu ziren kostaldean. Ekialdeko Inperio Erromatarraren garaian (531-642), indartu egin ziren berberiarrak, eta bizantziarrek Bizazena, Tunis eta beste hiri batzuk baizik ez zituzten menderatu. Hasieran aurre egin bazieten ere (Kosayla erresuma berberiarra, 687-690), berberiarrek ezin gelditu izan zuten arabiarren erasoa eta VII. mendearen bukaeran musulmanak ziren nagusi Ipar Afrikako kostaldean. Itsasertzean Islamak hartu zuen kristautasunaren lekua eta arabierak latinarena. Barnealdeak berberiarren esku zirauen baina arabiarren eragina bereha zabaldu zen: berberiarrek Islama hartu zuten erlijio (ortodoxia sunnitatik urrunduz jariyi heresia onartu zuten gehienek) eta sartaldean (Fez eta Kairuan esaterako) hiri arabiar-berberiar berriak (aginte arabiarraren mendeko berberiarrek osatuak) sortu ziren. Hasia zen arabiartzea XII. mendeko bigarren inbasio arabiarrak areagotu zuen (Banu Hilal, Banu Sulaim, Banu Maqil): itsasertz osoa arabiartu zen, baita ekialdeko ordokia eta basamortuetako berberiarrak ere eta mendebaleko mendialdeetan berberiarrak nagusi geratu ziren gaurko egunera arte. Politikan, berberiarrak dinastia arabiarren arteko gatazken erdian bizi izan ziren, benetako beregaintasunari ezin eutsiz, zerbait eskainiko zien honako eta harakoaren alde jokatuz. Sartaldeko mendietako eta basamortuetako berberiarrek eutsi diote hizkuntza eta kulturari: Marokoko biztanleria erdia inguru da berberiarra, Aljerian gutxiengoa da (Kabilia, Aures) eta Tunisian talde txiki batzuk baizik ez dira geratu; ekialdean (Libia, Egipto) desagertu dira ia. Arabiera da nagusi, eta berberiar hiztunen eskubideak ez dira errespetatzen.