Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Benavente, Jacinto

Espainiar antzerkigilea (Madril, 1866 - Madril, 1954). Pediatra baten seme izanik, horrekin lotu izan da bere lanetan haurtzaroarekiko erakutsi duen ardura: Niños (1917) liburua eta haurrentzako antzerkiak. Zuzenbide ikasketak alde batera utzi zituen literaturari ekiteko. Autorearen lehen lana (El teatro fantástico, 1892), gaia Musset eta Shakespearerengandik hartua zuena, lau pieza laburrez osatua zen. Ondoko urtean, Cartas de mujeres argitaratu zuen, geroko antzerki lanetan emakumeen psikologiarekiko erakutsi zuen interesaren aitzindari. Ehundik gora lan idatzi zuen: El nido ajeno (1984), Gente conocida (1896), La comida de las fieras (1898). 1901etik aurrera antzerki lan sakonagoak egin ditu. Hala, 1907an Los intereses creados azaldu zen, dena diruaren mende jartzen duen gizarte baten satira umoretsua. 1908an La fuerza bruta aurkeztu eta ondoko urtean haurrentzako antzerki talde bat sortu zuen, haiei zuzenduriko lanak idatziz (El príncipe que todo lo aprendió en los libros, 1910). Nekazari giroan kokaturiko Señora Ama (1908) eta La malquerida (1913) lanetan pertsonaia nagusiak emakumeak dira, gizon zitalek azpiraturik aurkitzen direnak. Geroztikako izenburu anitzen arteko zenbait: La ciudad alegre y confiada (1916), Los intereses creados delakoaren segida; Campo de armiño (1916); Lecciones de buen amor (1924); Pepa Doncel (1928); Vidas cruzadas (1929); La honradez de la cerradura (1942); La infanzona (1945). 1922an Literatura Nobel Saria jaso zuen.