Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Benares

(Egun Varanasi) Indiako hiria, Ganges ibaiaren ertzean (Uttar Pradesh), Indiako zazpi hiri sakratuetako bat. 794.000 biztanle (1981). Pelegrinazio hiria, erromes hinduek bertara jotzen dute Ganges ibaiaren uretan garbitzeko. Gorpu errausteak egiten diren ghât edo ibai ertzeko eskailerak guztiz ospetsuak dira, eta orobat bertako tenpluak eta monumentuak ere. 1791. urtean bertan sorturiko sanskrito eskolak ere garrantzi handia du. Pelegrinazioetatik bizi den hiria izaki, Benaresko eskulangintzak oso maila handia du (seda, urre eta zilargintza, zur landua).  v  Historia. Tradizioak dioenez, Benares Kristo aurreko VI. mendean sortu zuten. Erlijio hinduaren hiru jainko nagusienetako den Shivari eskainitako hiria, erabat suntsitu zuten XVII. mendearen bukaeran Awrangzeb Indiako enperadore mogol musulman zorrotzaren osteek, ordura arte enperadore mogolek erlijioekiko eraman zuten begiramenezko politika eten zenean.