Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Belafonte, Harry

(Jaiotza izena, Harold George Belafonte). Estatubatuar abeslari, aktore eta giza eskubideen aldeko borrokalaria (Harlem, New York, 1927). Arte dramatikoa ikasi zuen Dramatic Workshop eskolan eta Tony sari bat irabazi zuen John Murray Anderson’s Almanac obran egindako lanagatik (1953). 1956an Calypso diskoa grabatu zuen, eta, hari esker, Harry Belafonte disko baten milioi bat kopia saldu dituen lehen abeslaria da. Batez ere folk musika egin du, eta erritmo etnikoen aitzindaria izan da. Banana boat song (Day-O izenarekin ezagunagoa) eta Farewell Jamaica dira Belafonteren kantarik ospetsuenak. Aktore gisa, zenbait filmetan parte hartu du, hala nola Bright Road (1953) eta Carmen Jones (1954) filmetan. Afrikako gosearen kontrako We Are the World diskoan abestu zuen, eta 1985ean Grammy saria jaso zuen lan horrengatik. 1987an UNICEFen enbaxadore izendatu zuten. Gainera, apartheidaren kontrako disko bat grabatu du, Paradise in Ganzankulu (1988).