Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Begiristain, Aitor

(“Txiki” deitua). Gipuzkoar futbol jokalaria (Olaberria, 1964). Real Sociedaden hasi zen profesional modura lanean, eta Donostiako taldean hainbat denboraldi eman ondoren, F.C. Barcelonak fitxatu zuen 1988-1989 denboraldian. 450 partida baino gehiago jokatu zuen Espainiako Lehen Mailako Ligan, eta titulu ugari lortu zituen ibilbide luze horretan: Realarekin, Errege Kopa 1987an; Bartzelonarekin –Johan Cruiff entrenatzaile holandarraren Dream Team zelako talde haren barruan gehienak–, lau Liga txapelketa (1991 eta 1994 urteen bitartekoak), Hiru Superkopa (1992, 1993 eta 1995ekoak) eta 1992. urtean lortutako Europako Kopa. Bartzelona utzi eta Coruñako Deportivon jokatu zuen, eta talde horrekin 1995eko Errege Kopa irabazi zuen. Ondoren, Japoniako Yokohama Marinos taldeak fitxatu zuen eta han amaitu zuen, 1999an, bere ibilbide profesional luzea.