Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Beaumarchais, Pierre Augustin Caron de

Frantses idazlea (Paris, 1732 - Paris, 1799). Erloju konpontzaile baten semea, hamahiru urterekin ikasketak utzi eta aitaren lanbidea hartu zuen. Gero, Luis XV.aren gortean sartu zen, haren alaben harpa irakaslea izan zelarik. Maila apaleko aitonen alaba batekin ezkondua (1757), emaztearen jabetza batetik hartu zuen Beaumarchais deitura. Ezkontzarekin aberasturik eta erregearen babesa izanik, finantza negozioetan sartu zen. Ameriketako askatasun gerran arma merkatari, Frantziatik ihes egin behar izan zuen Iraultza aldian. Idazle Dramatikoen Elkartearen sortzailea (1777), Voltaireren lan guztiak agerrarazi zituen (1783-1790). Zenbait drama burges idatzi zituen, hala nola Eugénie (1767), Les Deux Amis (1770). Ospea, alabaina, bi lan bikainek ekarri zioten: Le Barbier de Séville (1775) eta Le Mariage de Figaro (1784). Sei urtez debekatua egon zen azken lan hau Iraultzaren aitzindari gisa hartua izan da, satira gisakoa, kritikaren helburu ziren aitonen semeek berek txalotu bazuten ere. Opera ospetsuen oinarri izan dira biak.