Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bassano (Jacopo de Ponte, Bassano

deitua). Italiar pintorea (Bassano, 1515 - Bassano, 1595). Aitarekin aritu ondoren Veneziara jo zuen eta han Bonifacio da Pitatiren estudioan ibili zen. Nabari zaio haren eragina garai honetako koadroetan, baina bai bere ukitu propioa ere. Hasieran errealismoari lotu zitzaion, berezko joerak bezala Bonifacio eta Pordenoneren eraginak hartara eraman baitzuten. Sanson eta filisteoak eta Erregeen gurtza dira 1535tik 1540ra bitarteko obrarik aipagarrienak. Veneziara aldatzean, han indarrean zegoen manierista joerari heldu zion. Joera horretakoak izan arren era ezberdinez eginak dira Santa Katalinaren martiritza bat, irudi luzezketakoa, eta errealismo gogorrean pintaturiko beste zenbait. Brotxa arrasto laburragoak erabiltzen ditu garai honen azken aldera. 1550a aldera pintatu zuen Azken afari-koan garbi nabari zaio marrazteko eta itzalak taxutzeko lortu zuen trebetasuna. Gero, manierismoa utzi eta errealismoaren sintesia egitera jo zuen. Agerikoa da honetan Tintorettoren eragina, argilunen trataeran batik bat. 1560-70ko aldia erabakiorra izan zen, ordukoa baita Gurutziltzatua; koadro hau bere pinturaren zuinetako bat dela esan izan da. Asko txunditu zuten Greco han eman zituen argi efektuek. Aita bezala, pintore izan ziren bere lau seme.