Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bartali, Gino

Txirrindulari italiarra (Ponte a Ema, Florentzia, 1914 - Florentzia, 2000). Oso eskalatzaile ona izan zen. Kirol lehia bizia izan zuen Fausto Coppi txirrindulari handiarekin. 1938an Frantziako Itzulia irabazi zuen, gaixorik. Bigarren Mundu Gerrak txirrindularitza profesionalean eragin zuen etenaren ondotik, 1948an irabazi zuen berriro Frantziako Itzulia, 34 urte zituela. 1952an istripu larria izan zuen eta hiltzeko zorian egon zen. Bi urte geroago txirrindularitza utzi zuen. 20 urtez izan zen txirrindulari profesionala, eta 124 lasterketa irabazi zituen. Hauek dira garrantzitsuenak: bi aldiz Frantziako Itzulia (1938 eta 1948), hiru aldiz Italiako Giroa (1936, 1937 eta 1946), bi aldiz Suitzako Itzulia (1946 eta 1947), lau aldiz Milan-San Remo lasterketa (1939, 1940, 1947 eta 1950) eta lau aldiz Italiako txapelketa (1935, 1937, 1940 eta 1952). Frantziako Itzulian 12 etapa irabazi zituen guztira, eta bi aldiz Mendiko Sari Nagusia; Italiako Giroan, berriz, 17 etapa irabazi zituen eta zazpi urtetan izan zen eskalatzailerik onena.