Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Barrie, James Matthew

Eskoziako eleberri eta drama egilea (Kiriemuir, 1860 - Londres, 1937). Kazetaritzan jardun zuen Londresen. Haren lehen lana Londresko bizitzaren satira bat izan zen, baina jendearen aldetiko ezagutza Auld licht idylls (1888) eta A window in Thrums (1889) kontakizunak argitaratzeak ekarri zion. Umorez beteriko errealismoa erabiliz, Eskoziako nekazarien bizitza eta azturak deskribatzen ditu. Amaren bizitzak Margaret Ogilvy (1894) eleberria inspiratu zion. Tommy and Grizel (1900) Dickensen tradizioan kokatzen den eleberria da. Haurren irudimenezko munduan sartzen daThe little white bird (1902) lanean eta bertan agertzen da lehen aldiz autore honek sorturiko pertsonaiarik ezagunena: Peter Pan. Hazi nahi ez duen mutiko hori Peter Pan on Kensington Gardens (1904) eta Peter Pan and Wendy (1911) kontakizunen protagonista da. Antzertiaren alorrean zenbait lan nabarmentzen dira: The admirable Crighton (1903); Peter Pan (1904), ingeles gazteriaren kuttunena. Geroko liburuetan, asmatua zuen unibertso liluragarriari, arian-arian, beste bat, mingarriagoa, gaixoz beterikoa jarraitu zitzaion: Dear Brutus (1916); Mary Rose (1920).