Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Barricada

Nafar musika taldea, 1982an Enrique Villarreal "El Drogas"en eraginez sortua. Aurreneko bi urteetan taldekideen artean zenbait aldaketa egin ondoren, 1984tik aurrera Enrique Villarrealek, Francisco Javier Herdández "El Boni"k, Alfredo Piedrafitak eta Fernando Coronadok osatu duten Barricada. Rocka, punkia eta heavyaren arteko musika landu dute gehienbat euren ibilbide luzean, nahiz eta diskoren batzuk zertxobait komertzialagoak izan. Sortzen zituzten abestien letretan Barricadakoek ez zioten muzin egiten konpromisio sozial eta politikoari, eta zentsurarekin ere izan zituzten arazoak. Aurreneko diskoa, Noches de rock & roll, 1983an grabatu zuten Soñua diskoetxearen eskutik. Ondoren, diskoetxez behin baino gehiagotan aldatu ondoren, honako disko hauek jarri dituzte kalean: Barrio Conflictivo (1984), No hay tregua (1985), No sé qué hacer contigo (1987), Rojo (1988), Pasión por el ruido (1989), Barricada zuzeneko disko bikoitza (1990), Barricada 83-85 (1990), Por Instinto (1991), Balas blancas (1992), La araña (1994), Los singles, zentsuratutako abestiak biltzen zituen diskoa (1995), eta Insolencia (1996), estudioan grabatutako azkeneko diskoa, nahiz eta horren ondoren beste bat grabatu zuzenean, Salud y rocanrol. Espainiako rock bandarik garrantzitsuenetakoa izateaz gainera, entzuleen onespena ere izan du Barricadak, eta taldearen disko asko bilakatu dira urrezko edo platinozko disko.