Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Barbie, Klaus

Alemaniar gerra kriminala (Bad Godesberg, 1913 - Lyon, 1991). “Lyongo harakina” goitizenez, gizateriaren –eta bereziki, juduen– aurkako krimen beldurgarriak egin zituen. Alemaniako Alderdi Naziaren gazte erakundeko (Gazteria Hitleriarrak) kide egin zen 1933an, segurtasun erakundekoa (SS) ondoren, eta Alderdikoa 1937an. Bigarren Mundu Gerran Herbehereetan ibili zen lehenbizi, juduen deportazio lanak gidatzen, eta 1941ean Sobiet Batasunera bidali zuten, judu eta komunisten aurkako errepresioburu legez. Hurrengo urtean Lyonera jo zuen, nazien mendeko Frantziara, eta milaka judu bidali zituen Poloniako kontzentrazio-heriotza eremuetara. Jean Moulin erresistentziako buru izan zenaren hilketa ere berak agindu zuen. Gerra amaitu ondoren ezkutuan egon zen hasieran (1944-47), eta ondoren estatubatuar armadaren kontra-espioitza zerbitzuetarako lan egin zuen (1947-51) Alemanian. Boliviara alde egin eta hango gobernuaren aholkulari izan zen 1964tik aurrera. 1983an Frantziara estraditatu zuten, eta Lyonen epaitu zuten 1987an. Bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten, Gizateriaren Aurkako Krimenak egitea egotzita. Espetxean hil zen, 1991ko irailaren 25ean.