Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Baraka, Amiri

(Jaiotza izena, Everett LeRoi Jones). Estatubatuar antzerkigile, olerkari eta politikaria (Newark, New Jersey, 1934). 1960ko hamarkadako intelektual beltz nagusietako bat da. 1954an Howardeko Unibertsitatean lizentziatu zen, eta 1958an beat aldizkari bat sortu zuen bere emazte Hettie Cohenekin batera, Yugen. 1964an estreinatu zen, New Yorken, Barakaren lehen antzerki-lan garrantzitsua, Holandarra, arrazakeriaren ondorio latzei buruzkoa. 1964an Black Arts Repertory Theater sortu zuen (Arte Beltzaren Errepertorio Antzerkia). 1960ko hamarraldiaren hasieran beat higikundetik eta, oro har, zurien kulturatik aldentzen hasi zen, eta 1965ean (Malcom X hil zuten urtean) bizkarra eman zion zurien munduari. Emaztearengandik banandu (zuria baitzen), izena aldatu, eta nazionalista beltz bilakatu zen. Harlemen kokatu zen eta artearen bidez kultura beltz bat sortzeari ekin zion. Garai hartan Congress of African People erakundea sortu zuen (Afrikar Herriaren Biltzarra), eta 1972an, berriz, Black National Political Convention (Beltzen Konbentzio Nazional Politikoa). 1974an nazionalismo beltzaren higikundea utzi eta marxismo-leninismoaren aldera lerratu zen. 1983an New York Estatuko Unibertsitateko afrikar ikasketen programaren zuzendari izendatu zuten.