Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Baraibar Zumárraga, Federico

Idazle eta itzultzaile arabarra (Gasteiz, 1851 - Gasteiz, 1918). Filosofia-Letren ikasketak egin ondoan, Gasteizko Institutuko zuzendari, Arabako Diputatu Nagusi eta Gasteizko alkate izan zen. Euskaltzain urgazlea eta Espainiako Errege Akademiako kide arrunta. Bere lan ugariaren gai nagusiak Arabako arkeologia eta hiztegigintza izan ziren. Ezaguna da, besteren artean, haren Vocabulario de palabras usadas en Alava y no incluídas en el Diccionario de la Real Academia Española (1903), gehienbat Arabako erdaran gelditu diren euskal hitzen gordailua, hiztegigintzaren eredutzat hartzen den liburua. Eranskin gisa beste zenbait artikulu argitaratu zituen, hala nola «Nombres vulgares de animales y plantas usados en Alava». Haren Vocabulario-ren bigarren argitaraldia palazaratu gabe gelditu zen, moldiztegian zegoela; E. Knörr-ek dihardu bigarren argitaraldi hori prestatzen. Haren garaiko helenista bikainenetakoa izan zen eta zenbait itzulpen ere argitaratu zituen Baraibarrek: Comedias escogidas de Aristófanes, traducidas del griego eta Tragedias, poesías y obras varias de Alejandro Manzoni.