Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Banderas, Antonio

Espainiar aktorea (Malaga, 1960). Antzerki-konpainia independente batean hasi zen antzezle lanetan. Antzezpenerako zaletasunak Madrila bultzatu zuen, baina urte zailak igaro behar izan zituen Espainiako pantailetan ospe pittin bat lortu baino lehen. Bere lehen filmak, Pedro Almódovar-en Laberinto de pasiones-ek (1981), ospearen ateak zertxobait zabaldu zizkion, baina urte batzuk geroago izan zuen erabateko arrkasta, Mujeres al borde de un ataque de nervios (1988) filmarekin. Film hau Atzerriko Film Onenaren Oscar sarirako izendatua izan zen, eta saria lortu ez bazuen ere, Banderas ezaguna egin zen Hollywood-en. Bere irribarre eta erakargarritasun fisikoak direla medio, hasieran ia beti komedietako galai-paperak egin zituen, baina urteak joan ahala aktore dramatiko handia dela erakutsi du. Bere film ezagunenetako batzuk dira: El caso Almería (1983); Matador (1985); ¡Átame! (1989); The Mambo Kings (1991); Philadelphia (1992); Isabel Allende-ren eleberrian oinarritutako The House of the Spirits (1993); Two Much (1995); Evita (1996) eta La máscara del Zorro (1998). Bere lehen emazte Ana Leza antzezleaz dibortziatu eta Estatu Batuetan bizitzen jarri ondoren, Melanie Griffith amerikar antzezle ezagunarekin ezkondu zen 1996an. Zuzendari lanik ere egin du: Crazy in Alabama (1999).