Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ballester Boix, Manuel

Espainiar kimikaria (Bartzelona, 1919 - Bartzelona, 2005). Bartzelonako eta Madrilgo unibertsitateetan ikasi zuen, eta Estatu Batuetako Harvard Unibertsitatean osatu zuen bere heziketa. Bartzelonako ikasketak amaitutakoan, Consejo Superior de Investigaciones Científicas (CSIC) ikerketa erakundean hasi zen lanean. 1954an Ballesterrek zuzendutako ikertzaile taldeak errendimendu handiko lehen karbono kloruro alkaromatikoa aurkitu zuen. Aurkikuntza garrantzitsua izan zen, kimika organikoaren barruan eremu berri bat zabaldu zuelako. 1958tik 1973 arte Estatu Batuetako gobernuak Defentsa sailerako agindu zion ikerketa lan bat egiten aritu zen, eta 1971-1985 bitartean Bartzelonako Kimika Organiko Aplikatuko Institutuko zuzendari izan zen. Kimikaren alorrean egin zituen aurkikuntzen artean, aipatzekoa da plastiko magnetikoarena, eta erradikal aske eta geldo berriak prestatzeko modua ere patentatu zuen. Erradikal aske eta geldoen erabilerak asko lagundu zien, besteak beste, hidrologiari eta elektronika industrialari. Aurkikuntza horri esker eroale elektriko gisa erabili ahal izan zen plastikoa, ordu arte erabilitako metalen ordez. Sei aldiz izan zen Nobel sarirako hautagai eta lau liburu argitaratu zituen, horietako bat Espainian, Química orgánica física. Fundamentos y espectrometría (1978, Kimika organiko fisikoa. Oinarriak eta espektrometria). 16 patenteren jabe zen Espainian, Estatu Batuetan eta Kanadan, eta hainbat sari bereganatu zituen, horien artean zientzia arloko Asturietako Printzea saria 1982an.