Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bakunin, Mikhail Aleksandrovitx

Anarkista errusiarra (Tver, 1814 - Berna, 1876). Lurjabe liberal baten semea. San Petersburgoko artilleria eskolan hasi zen ikasten, baina hogeita bat urte zituenean armada utzi zuen. Gero filosofia ikasi zuen Moskun eta San Petersburgon. 1840an Sartaldeko Europara aldatu zen, eta ezkerreko hegeliarren (Feuerbach) eta sozialista utopiko frantsesen (Fourier, Proudhon) irakatsiak ezagutu zituen. 1842tik 1848ra Parisen bizi izan zen. 1848an Europako iraultzetan esku hartu zuen: Paris, Praga, Dresden. Azken hiri honetan preso hartu zuten eta hiltzera kondenatu. Errusiako gobernuari eman eta zazpi urte kartzelan eman ondoren Siberiara deportatu zuten. Handik ihes egin eta Londresen finkatu zen (1861-1864). Polonian, Tsarraren Inperioaren aurkako matxinadaren ondoren (1863-1864) eta Proudhonen eraginpean, anarkismoari lotu zitzaion behin betiko. Italian ezkutuko elkarte bat eratu zuen: Iraultzaile Sozialisten Aliantza (1864). Bakearen eta Askatasunaren aldeko Ligaren kongresuan esku hartu zuen Suitzan (1867), erabaki sozialistak onarrarazteko itxaropenaz. Bere helburuak ezin lorturik, Ligatik atera eta Demokrazia Sozialistaren Aliantza sortu zuen; Bakuninek berak moldatua da beronen programa. Programa honek errusiar iraultzailearen dotrinaren puntu nagusiak biltzen zituen: estatu nazionalen suntsitu beharra, «nekazaritza eta industria elkarte libreen federazioek» haien lekuan; klaseak, oinordekotza ezabatzea, sexuen berdintasuna, langileak alderdi politikoetatik at antolatzea, etab. Bakuninek, halaber, Errusiako higikunde iraultzailearen garapenean esku hartu zuen, errusiar demokrazia sozialistaren programa zabaltzen zuen aldizkarian idatziz (Narodnoé Diélo, Geneva). Liburu zenbait: Iraultzaren oinarriak, Netxaiev-en eraginez; Parisko Komuna eta Estatuaren nozioa (1871); Estatua eta anarkia (1873). I. Internazionalean Marxen aurkari nagusia izan zen eta Haya-ko Kongresuan (1872) sozialismo autoritarioaren aldekoek Internazionaletik bota egin zuten.