Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Baker, James Addison

Estatubatuar politikaria (Houston, Texas, 1930). Princetongo Unibertsitatean ikasi ondoren, 1952-1954 bitartean Itsas Armadan soldadutza egin eta zuzenbide ikasketak egin zituen Texasko Unibertsitatean. 1957-1975 bitartean abokatutzan jardun zuen, eta 1970az geroztik buru-belarri sartu zen politikagintzan. Alderdi Errepublikarreko hainbat kanpainetan parte hartu ondoren, Etxe Zuriko idazkari nagusi, Segurtasunerako Kontseilu Nazionalaren buru eta atzerri politikarako aholkulari izan zen Ronald Reaganen lehen agintaldian (1981-1985), eta Altxor Publikoaren idazkari bigarrengoan (1984-88). Kargu horretan zegoela egin zion Nazioarteko Diru Erakundeari Baker Plana deritzon Hirugarren Munduko herrialdeei beren kanpo zorra gutxitzen laguntzeko proposamena. George Bush lehendakariaren agintaldian, berriz, Estatu idazkari izan zen Baker; kargu horretatik Ekialde Hurbilerako politikan, batez ere Persiako Golkoko gerra garaian, parte hartu zuen eta Gorbatxovek gobernatzen zuen Sobiet Batasunerakiko hurbilketa eginez jarraitu zuen. 1992an Bushen berrautaketarako kanpaina zuzentzeko utzi zuen Estatu idazkaritza, baina ez zuen bere helbururik lortu. Gero merkataritzako aholkulari bilakatu zen, 1997an Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Mendebaldeko Saharan bizi den gatazkarako NBEaren ordezkari izendatu zuen arte. Fronte Polisarioaren eta Marokoren arteko hainbat bilera eta elkarrizketa antolatu ondoren, 1998an Saharari buruzko erreferenduma egiteko hitzarmena lortu ahal izan zen.