Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bajo Ulloa, Juanma

Arabar zinemagilea (Gasteiz, 1967). Film laburrak egiten trebatu ondoren –1990an film labur onenari emandako Goya saria eskuratu zuen El Reino de Víctor lanari esker–, 1992an zuzendu zuen bere aurreneko film luzea, Alas de Mariposa. Lan horrekin Donostiako Zinemaldian zuzendari berriei eskaintzen zaie saria zein zuzendari hasberrientzako Goya saria eskuratu zituen, baita –bere anaia Eduardorekin batera– gidoi onenari emandako Goya saria ere. La madre muerta filmarekin (1993) atzerrian arrakasta handia izan zuen. Besteak beste, Montréaleko zinemaldian zuzendari onerari emandako saria jaso zuen. Aurreko filmen gaiak erabat aldatuz, 1997an Asegarcek ekoitzitako Airbag izeneko road movie-a zuzendu zuen. Euskal zinemak sekula ezagutu duen sarrera handienetako filma izan da Airbag; ikusleen onespena lortu arren kritika zorrotzak izan zituen. 1999. urtean Madrilen Pop Corn izeneko antzerki ikuskizuna estreinatu zuen, eta telebistarako saioak zein bideoklipak zuzendu ditu filmik egin gabe eman dituen urteetan. Bere azken lana –2001 urtean estreinatzekoa– Filmax ekoiztetxeak produzitutako El Capitán Trueno da.