Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Azpilikueta, Martin

Kanonista (Barasoain, 1492 - Erroma, 1586). Bederatzi urterekin tontsura hartu zuen eta hamaika zituela filosofia eta teologia ikasketak egiten hasi zen. 1510ean, Gaztelak Nafarroari eraso egitean, familiarekin batera Frantziako Tolosara iragan zen. Bertan zuzenbide kanoniko eta zibila ikasi zituen. Doktoradutza iritsirik, Tolosa eta Cahors-en irakasle egon zen. 1523an itzuli zen eta hurrengo urtean erlijioko botoak egin zituen Orreagako kalonje agustindarren monasterioan. Salamancara iraganik, 14 urtez irakatsi zuen bertan, eta bere ezagupenei esker ospe handia hartu zuen. Gero Coimbran irakatsi zuen 16 urtez. Han jubilatu zen eta Espainiara itzuli ondoren bere lan gehienak idazteari ekin zion. «Doctor Navarro» izenez ere ezaguna zen. Hona bere lan nagusiak: Tratado de las rentas de los beneficios eclesiásticos (1556) eta Manual de confesores y penitentes (1556). Filipe II.ak Fr. Bartolomé de Carranza Inkisizioaren aurrean defendatzea agindu zion. Gorabehera askoren ondoren auzia Erromara eramatea agindu zuen Pio V.ak eta hara joan ziren defendatua eta defendatzailea. Erroman Pio V.a Gregorio XIII.a eta Sixto V.a Aita Santuen aholkularia izan zen. Bertan hil zen 94 urterekin.