Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

azal

iz. Zuhaitzen enbor eta adarren kanpoko estalkia; fruituak eta estaltzen dituena, biguna bereziki; gizonaren gorputza estaltzen duena. ◊ Liburu baten gaineko eta azpiko orria. || Zerbaiten gaineko eta kanpoko aldea. || izond. Azalekoa. || Azaleko. izlag. Sakona ez dena, azalean dagoena.  v  Zool. Gizonaren eta animalien gorputza kanpoaldetik ia erabat estaltzen duen babeseko ehuna da azala. Behe mailako animaliek oskola edo azal ezkataduna dute babesgarritzat; halakoa dute, adibidez, oskoldunek, arrainek eta narrastiek. Horietako batzuek, gainera, azal irazkorra dute eta horren bidez hartzen dute arnasa; anfibioek, esaterako. Goi mailako animaliek, ordea, (ugaztunak eta baita gizonak ere) larruzko azal irazkaitza dute, gorputza kanpoaldeko eraginetatik babesteko, eta horregatik larrua edo larruazala ere deitzen zaio horien azalari.  v  Anat. Gizonaren azala gorputza erabat biltzen duen estalkia da, ehunez eratua dagoena, eta bi geruza edo parte ditu: epidermisa eta dermisa. Epidermisa gaineko atala da eta estu-estu elkartuta dauden zelula multzo bat da berez; hala, zelula horiek mintz lehor eta erabat irazkaitza eratzen dute. Bi eginkizun ditu mintz irazkaitz horrek; batetik, gorputz barneko isurkariei eustea, eta bestetik, kanpoko eraginetatik babestea gorputza. Epidermisaren azpian dermisa dago, ehun konjuntiboz eratua dagoena. Dermisak gaineko geruzari eusten dio eta behar dituen gaiak sortu edo eramaten ditu haraino, epidermisak ehun eta hodi konektiborik ez duenez, dermisaren bidez mantentzen baita. Dermisaren azpian, hipodermisean, pilatzen da gorputzaren gantza. Dermisaren bidez igarotzen dira epidermisera azalaren azpian sortzen diren izerdia, ileak eta bestelako gaiak. Azalaren bidez kanporatzen diren gaien eginkizun nagusiak gorputzaren terperatura erregulatzea da eta baita gorputzak behar dituen ezaugarri fisiko eta kimiko egokiak mantentzea ere.  v  Bot. Zuhaitz eta zur landareetan fruitu, sustrai, enbor eta adarren kanpoaldeko geruza edo estalkia. Bi azal mota daude: lehen mailakoa eta bigarrenekoa. Lehen mailako azala dute behar adina hazi eta loditu ez diren enbor eta sustraiek, oraindik zur trinkoa ez dutenek, alegia. Epidermisetik erdiko zilindroraino doa azal hori. Bigarren mailako azala cambium-aren (kanporantz hazten den azal-geruza edo mintza) kanpoaldeko jardunaren ondorioz sortzen da; horren barnean, zelula multzo bat dago, cambium-etik epidermisaren barne-barneko geruzaraino bitartean.