Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Airakoa, Petri Lopitz

Politikari eta idazle arabarra (Gasteiz, 1332 - Kalagorri, 1406). Aiara leinuko pertsonaiarik garrantzitsuena. Ikasketak Avignonen egin zituen. 1353. urtetik Petri I.a Ankerraren zerbitzuan aritu zen eta hark ihes egin zuenean, haren aurkari Trastamarako Henrikeren mende jarri zen. Naiarako guduan (1367) preso hartu zuten eta, aska zezaten, familiak ordaindu behar izan zuen. Gasteizko (1373) eta Toledoko (1375) alkate nagusia izan zen. Gaztelako enbaxadore Aragoien, bere erregearen eta Aragoiko Petri IV.a Zeremoniazalearen arteko auzien konponbidea ekarri zuen. Joan I.a errege berriak enbaxadore izendatu zuen Karlos IV.a frantsesaren aurrean. Haren aholkulari izan zen ingelesen aurka, frantsesek irabazi zuten Rosebek-eko guduan. 1385ean portugaldarrek preso hartu zuten Aljubarrotan. Urtebete eman zuen Oviedeseko gazteluan familiak, Gaztelako eta Frantziako erregeekin batean, bahi saria ordaindu aurretik. Joan I.a hiltzean (1890), Henrike III.a adin txikikoa zelarik, Gorteek Erregeordetza Kontseilukoa izateko deitu zioten. 1398an Erresumako Kantzelari Nagusi izendatu zuten.  v  Aiararen idazki nagusiak Crónicas de Palacio eta Rimado de Palacio dira. Bera zerbitzari izandako lau erregeen kronikak oso ezagunak dira; mintzaira zalua darabil, pertsonaien psikologia ematen du eta gertaerak bizitasun handiz kontatzen ditu, elkarrizketak tartekatuz. Rimado de Palacio-ren zati handiena Oviedeseko gartzelaldian idatzi zuen. Hiru parte ditu: lehena aitorpen batez abiatzen da eta gizartearen satira batez amaitzen; bigarrenean erlijioko eta lirikako motiboak ageri dira; hirugarrena San Gregorioren Moralia in Job liburuaren iruzkin luzea da. Rimado-ren satira eta irakaspen edukia interesgarriagoa da bertan erabiltzen duen olerki forma baino. Oviedesen preso zela Libro de Cetrería o de la caza de las aves idatzi zuen. Halaber, idazle latinoen itzultzailea izan zen, eta zenbait olerki ere idatzi zituen.