Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Axenov

edo Axionov, Vassili Pavlovitx. Errusiar idazlea (Kazan, 1932). Haurtzaroan bete-betean bizi izan zituen Stalinen errepresioa eta gerra. Bere lehen lan handian (Kollegi, 1960) mediku gisa izan zuen esperientzia kontatzen du. Eleberri horretan eta ondorengoetan, Zvëzdnyj Bilet (1961, Izarretarako txartela), Apel’siny iz Maroka (1963, Marokoko laranjak), pertsonaia nagusia gazte bat da, bere bizitzari buruz galderak egiten dituena eta bere lekua bilatzen duena, hipokresiaren kontrako borrokan; gazteen hizkuntza erabiltzen du egileak. 1965ean Axenovek ordu arteko bidea utzi eta fantasiaren bideari ekin zion: Zatovarennaja bockotara (1968), zeinetan aurreko lanetako pertsonaien eta egoeren parodia egiten duen. 1970eko hamarraldian arazoak izan zituen aginpidearekin, eta gero eta argitaletxe gutxiagok argitaratzen zizkioten bere lanak. 1980an erbestera ihes egin behar izan zuen, eta Estatu Batuetan hartu zuen bizilekua. Aipagarriak ditu besteak beste: Ljubov’ k elektricestvu (1971, Elektrizitatearen maitasuna), V poiskah zanra (1977, Genero baten bilaketa), Metropole (1979), Ozog (1980, Erredura), Bumaznyj pejzaz (1983, Paperezko paisaia), Skazi izjum (1985, Irrifar bat, mesedez), In Search of Melancholy Baby (1987).