Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Auvernia

Frantzia erdialdeko lurraldea, Cantal (osorik), Puy-de-Dôme (osorik) eta Allier (Boubonnais), Aveyron eta Haute-Loire departamenduetako eskualde batzuk hartzen dituena. 26.000 km2. 1.332.678 biztanle. Hiri nagusiak: Clermont-Ferrand, Montluçon, Vichy, Le Puy, Aurillac.  v  Orografia. Massif Central-aren erdian, era askotako erliebeak ageri dira Auvernia zaharrean: mendi altuago (Velay, Mezenc, Gerbier; Cantal, Dore) nahiz baxuagoen (Limagne, Bourbonnais) tartean haran hertsiak eta ordokiak. Koaternarioko miozenoan izandako erupzio bolkaniko indartsuek egituraturiko lurralde nahiko higatua da. Jatorri bolkanikoko aintzirak (Aydat, Chambon, Pavin).  v  Klima. Atlantiko eta kontinentalaren artekoa, orografiaren araberako klima da nagusi Auvernia lurraldean. Limagne idorraren ondoan (500-700 mm), Auvernia eta Forez aldeko mendialdeetako klima euritsuagoa da (1000-1500 mm). 700 m-ko altueratik gora, negu gogorra izan ohi da.  v  Biztanleria eta ekonomia. Emigrazio lurraldea, XX. mendean biztanleriaren % 15-20 galdu du Auverniak (1.558.000 biztanle. 1886an, 1.247.000 1927an), Clermont-Ferrand bezalako hiria neurri handian handitu den arren (37.000 biztanle. 1872an, 112.000 1927an). Ordokiak jendetsu izanagatik, mendialdeko biztanleria izugarri murriztu da (1954tik aurrera, % 4 gutxiago urtero). Nekazaritza tradizionalak etengabeko krisia izan du, ustiakuntza modernoak bideratu diren arte. Nekazaritza eta abeltzaintzako langileria % 26,4 da (% 42 1954an). Industrian % 26,3: burdingintza eta industria tradizionalak (ehun, jantzi, larrukiak) atzera ari diren neurrian, mekanika eta elektrizitate, automobilak eta hegazkingintza garatu dira azkenaldi honetan. Zerbitzuak (% 37,1), turismoak eta merkataritzak osatzen dituzte nagusiki. Michelin-ek lehen mailako industria hiria bihurtu du Clermont-Ferrand.  v  Historia. Auverniar galiarren (Vercingetorix) lurraldea, Auvernia Akitaniako lurraldea izan zen IV. mendetik aurrera. Akitaniarren mendeko konderri bihurturik (979), ingelesen mendean egon zen aurrerantzean. 1115etik aurrera, bitan banatu zuten Auvernia: Auverniako Dofinerria eta Auverniako Konderria. Azken hau bitan banatu zen San Luis erregearen garaian: lehena dukerri bihurtu zen 1360an eta Frantziako koroaren esku geratu zen 1531. urtean; bigarrena La Tour d’Auvergne etxekoen mende geratu zen eta 1610. urtean igaro zen Frantziako koroara. Luis XIV. erregeak Les Grands Jours d’Auvergne auzi-epaia antolatu zuen Clermont hirian (1665-1666), La Fronde delako altxamenduaren ondoren, bertako jaunek erakutsitako tirano portaera epaitzeko.  v  Hizkuntza. Auvernia okzitaniera, franko-provenzera eta, iparralderago, langue d’oil hizkuntzen arteko bidegurutzean aurkitzen da (Clermont-Ferrand hiriko jatorrizko hizkuntza okzitaniera izanik, Montluçon nahiz Vichykoa adibidez frantsesa edo franko-proventzera da. Auvernierak, Auvernian hitz egiten den okzitanierak, okzitanieraren patu berbera izan du: patois bihurturik, frantsesa nagusitu da bazter guztietan.