Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Attenborough, David

Britainiar idazlea eta telebistako ekoizle eta aurkezlea (Londres, 1926). Richard Attenborough, britainiar zinemagile ezagunaren anaia. Zoologian eta Geologian lizentziatu zen Cambridge-ko Unibertsitatean. 1952an BBC-ek era guztietako programak (politikari, erlijioari, balletari, arkeologiari eta abarrei buruzkoak) ekoizteko kontratatu zuen. Urte horren amaieran animaliei buruzko programa bat egin zuen Londreseko Zoologikoarekin eta Jack Lester adituarekin elkarlanean. Gero bururatu zitzaien interesgarriagoa izango zela animaliak beren habitatean erakustea, eta, hala, Sierra Leonera (Afrikako mendebaldera) jo zuten. 1954an hasi zen Zoo Quest dokumental sail famatua: Zoo Quest in Sierra Leone, Zoo Quest to Guiana, Zoo Quest in Paraguay, eta abar. 1960ko hamarkadaren hasieran Antropologia ikasten hasi zen Londreseko Unibertsitatean, baina BBC-koek BBC-2 sortu berriaren programa zuzendari izatea eskaini zioten. Kate berri horretan gutxiengo batentzat egindako kultura programak eskaini nahi ziren. Oso ezagunak ez ziren billarra bezalako kirolak, ingeles literaturako obra garrantzitsuetan oinarritutako telesailak eta historiari eta izadiari buruzko dokumentalak egitea erabaki zuen. Izugarrizko arrakasta izan zuen, eta BBC-k bi kateetarako kontratatu zuen programa zuzendari gisa, finantza eta administrazio kontuetan ere erabateko kontrola zuela. Hala ere, 1972an, postua utzi eta izadiari buruzko programak egitea erabaki zuen. Tribuen arteak liluraturik, 1975ean The Tribal Eye estreinatu zuen, arteak gizarte primitiboetan duen egitekoa azaltzeko saioa. Zenbait urte geroago Izadiaren Historiari buruzko sail bat egiteari ekin zion, Life on Earth. Britainia Handian eta Europan 10 milioi ikusle baino gehiago izan zituen astean. Trilogia modura planteatu zuen lan hori, eta beraz, 1984an The Living Planet eta 1990ean The Trials of Life egin zituen. Ondoren, 1996an, The Private Life of Plants egin zuen, eta 1998an The Life of Birds. Attenborough-ek, aurkezle eta kontalari gisa, klixe sentimentalak, erretorika akademikoa eta hiztegi zientifikoa alde bat utzi eta gaiak modu argi eta erkargarrian azaltzen jakin du.