Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Attali, Jacques

Frantses politikaria eta idazlea (Aljer, Aljeria, 1943). Frantziako goi-mailako lau unibertsitatetan aritu zen ikasten, eta ekonomian, zientzia politikoetan, ingeniaritzan eta herri administrazioan graduatu zen. Unibertsitateko irakasle itzal handiko bihurturik, liburu asko idatzi zituen: ekonomiaz, politikaz, biografiak, fikzioa etab. Filmak egiten eta abestiak idazten ere jardun zuen. Attali, ordea, ekonomian aditu zelako egin zen ezaguna. 1970eko hamarraldiaren hasieran sartu zen Frantziako Alderdi Sozialistan. 1981ean, Francois Mitterrand lehendakariaren aholkulari berezi izendatu zuten, eta 1989an, estatu kontseilari. Attalik asmamen oparoa zuen ekonomiatik at ere. Europa batu baten alde agertzen baitzen beti, berari eskaini zioten Berreraiketarako eta Garapenerako Europako Banku berriaren lehendakaritza. 1991ean, Attalik izugarrizko laudorioak jaso zituen Estatu Batuetan, beraren Millennium geopolitikako saio bilduma ingelesez argitaratu zenean. Horietako batean, Attalik esan zuen Estatu Batuak Japoniaren eta Ozeano Bareko herrien mende jarriko zela laster, amerikarrek ez bazuten beren produkzioa gogorrago bultzatzen armagintza baino.