Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atiyah, Michael Francis

Britainiar matematikaria (Londres, 1929). Bizitzan zehar postu garrantzitsuak izan ditu Oxford, Cambridge eta Princetongo unibertsitateetan. Atiyah-k matematikako arlo asko landu du, geometria eta analisia bereziki. Bere ekarpenik aipagarriena (F. Hizerbruch-ekin batera egin zuena) topologiako teknika berri eta indartsu bat da, K-teoria deritzana; teoria horri esker matematikako problema zail eta garrantzitsuak ebatzi ziren. Orobat landu zuen “indize teorema” deritzana. Bi teoria hauek K-teoria liburuan azaldu zituen (1967). Atiyah-ren beste liburu aipagarri bat The Index of Elliptic Operators da (1968 eta 1971, Eragile eliptikoen indizea), Annals of Mathematics-en argitaratua. Lan horiek zirela eta, Atiyah-k Fields domina jaso zuen 1966an Moskuko Nazioarteko Kongresuan. Geroago ikusi zen ideia horiek garrantzi handia dutela oinarrizko partikulen teorian. Fields dominaz gainera, beste sari asko jaso ditu Atiyah-k: Accademia Nazionale dei Lincei-ko Feltrinelli saria 1981ean, Faisal erregearen Zientziako Nazioarteko saria 1987an, Benjamin Franklin domina eta Nehru domina.