Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Asturias

(Bablez Asturies) Espainia ipar-mendebaldeko lurralde eta Autonomia Erkidegoa. Mugak: Kantauri Itsasoa, iparraldean; Galizia, mendebaldean; Kantabria, ekialdean eta Gaztela eta Leon, Hegoaldean. Hiriburua: Oviedo. Hiri nagusiak: Aviles, Gijon (Xixon), Langreo, Mieres. 10.565 km2. 1.112.186 biztanle (1986) (105 biztanle/km2-ko).  v  Orografia. Kantabria mendiek zeharkatzen dute Asturias mendebaldetik ekialdera, itsasertzean zerrenda lau estu bat utziz. Kantauri itsasora doazen ibai ur lasterrek (Nalon, Caudal, Trubia, Sella, Narcea eta Navia) haran sakonak ebakitzen dituzte. Asturiasko gailur garaienak Europa Mendiak izeneko mendialdean daude: Torre Cerrado (2.648 m), Peña Vieja (2.616 m) eta Naranco de Bulnes (2.519 m).   
 v  Klima. Ozeanikoa, epela eta euritsua; elurte handiak izaten dira barnealdeko neguetan. Landaretza aberatsa da: haritza, pagoa, gorostia, txilarra eta larre oparoak.
 v  Ekonomia. Betidaniko nekazaritzaz gainetik (sagarra, barazkiak eta abeltzaintza), lurpetik ateratzen diren ondasunen ustiaketak bultzatu dute Asturiasko industria, lurralde honetako ekonomia jarduera nagusia. Burdina eta, batez ere, ikatzarriaren ekoizpena guztiz garrantzitsua da (ikatzarria, Espainia osoko 2/3ak). Siderurgia eta ikatzarrian oinarrituriko beste industria molde batzuk (beira, zeramika) garatu dira Aviles, Gijon, Mieres, Moreda eta beste gune batzuetan. Ekoizpen hidroelektrikoa oparoa da, eta arrantza garrantzitsua da itsasertzeko herrietan.  v  Historia. Erromatarrek banatu zuten lehenengoz asturiarren lurra (K.a. 22), mendiaz itsasaldeko eta mendiaz barnealdeko asturiarrak bitan banaturik (Asturica Transmontana eta Asturica Augusta). Musulmanen inbasioaren ondoren, bisigodoek Asturiasen aurkitu zuten babeslekua eta bertan sortu zuten Asturiasko erreinua, Oviedo hiriburu zelarik, arabiarren erasoei begira betiere. Alfontso III.a Handiaren garaian, erresuma honek Galizia eta Leon aldera zabaldu zituen bere mugak, Leon hiriburu bihurturik (914). Asturiasko historia Leongoari guztiz lotua ageri da harez geroztik. Gaztelako koroak Leonekin bat egin ondotik (1388), Asturiasko Printze titulua hartu dute Espainiako erregeorde guztiek.  v  Asturiasko Iraultza. Historia modernoari, Espainiako ezkerraren eta langileen mugimenduari loturik ageri da. Ezkerreko alderdiek, sozialistak eta komunistak batez ere (anarkistek ere garrantzi handiko lekua izan zuten) indar handia hartu zuten mende hasieran Asturiasko meatzetan. Honenbestean, 1934ko hauteskundeak irabazi eta gero eskuinak Errepublikako gobernuan sartzea lortu zuela eta, «Urriko Iraultza» bideratu zen Espainian. Asturiasen bestelako joera hartu zuen altxamenduak. Asturiasko Errepublika Langile eta Laboraria aldarrikatu eta «gudaroste gorria» eratu zen. Zapalkuntza berehalakoa izan zen. Iraultza hura itotzearren, Errepublikako gobernuak armada eta legioa bidali zituen bertara, Franco jenerala buru zela. Urriaren 10ean hartu zuten Oviedo. Iraultza amets ilun bat baizik ez zen izan.         
 v  Hizkuntza. Gaztelania nagusi bada ere, Asturiasko berezko hizkuntza bablea da, asturiarren lurraldean (Asturica Transmontana eta Asturica Augusta) sortu zen erromantzearen (leonés deitua oro har) dialektoa. XIV. mendetik aurrera gaztelaniak leonesa asimilatu bazuen ere, bable edo dialekto asturiarrak bizirik iraun du gaur arte, patois baten izaera hartu badu ere. Hiru bable molde nagusi bereizten dira: ekialdekoa (Eo eta Navia ibaien artekoa), galego hizkuntzarekin antz handia duena (galegoa da askoren ustez); erdialdekoa, Navia eta Sella ibaien artekoa eta Leongo probintziako iparralde menditsuan ere hitz egiten dena, eta mendebaldekoa, Kantabria herrialderaino (Europa Mendiak) hedatzen dena. Azkenaldi honetan sortu dira Asturiasen, Oviedoko eta Gijongo unibertsitate inguruetan batez ere, bablearen aldeko elkarteak.      
 v  Asturiar artea. Asturiasko erresuman VIII-XI. mendeetan garatu zen artea. Garai bereko arte kalifal eta bizantziarren ondoan guztiz tokiz mugatua gerta litekeen arren, erromatarren eta bisigodoen tradizioak jaso zituzten eraikuntza asturiarrek erromanikoaurreko Europako arkitektura gune garrantzitsuenetakoa osatzen dute (Santa Maria del Naranco, San Julian de los Prados, San Miguel Lillo, Santa Maria de Lena elizak).