Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Asturias, Miguel Angel

Guatemalako idazlea (Ciudad de Guatemala, 1899 - Madril, 1974). Zuzenbide ikasketak egin ondoren Parisa aldatu zen bizitzera. Bertan surrealistekin harremanetan jarri zen eta 1923-1926 bitartean Erdialdeko Amerikako erlijio eta kulturei buruzko ikasketak egin zituen; ikasketa horien emaitza, Leyendas de Guatemala (1930) idatzi zuen. Kargu diplomatikoak izan zituen 1946tik 1954ra bitartean eta gero Argentinan bizi izan zen zenbait urtez. El señor Presidente (1946) izan zen bere lehen eleberri luzea, Estrada Cabreraren diktaduraren inguruan. Abertzaletasuna, maien mundu mitologikoa eta bere garaiko Guatemalako gizartearen errealitatea nahasirik ageri dira Hombres de maíz (1949) izenburuko eleberrian. Helburu sozialak eta politikoak nagusi dira beste zenbait lanetan, hala nola, Viento fuerte (1950), El papa verde (1954) eta Los ojos de los enterrados (1955) eleberriek osatzen duten trilogian; hiru horietan kolonialismo ekonomikoak ekarritako gaitzak salatzen ditu. Beste obra batzuk: Weekend en Guatemala (1956), Mulata de tal (1963). Poesia ere landu zuen, inspirazioa bere herrialdeko gaietatik hartuz: Sien de alondra (1949), Ejercicios poéticos en forma de soneto sobre temas de Horacio (1951), Torotumbo (1966). 1966an Parisen Guatemalako enbaxaria zela, Lenin Bake saria jaso zuen, eta hurrengo urtean, 1967an, Literatura Nobel saria.