Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Astarloa Agirre, Pablo Pedro

Euskal idazlea (Durango, 1572 - Madril, 1806). Gasteizen eta Oñatin egin zituen apaiz ikasketak eta ospe handia irabazi zuen Durangaldean, euskaraz emandako sermoiak zirela eta. 1800. urtean, Humboldt filologo alemanak euskal gaietan laguntzaile izateko aukeratu zuen. 1803an Apología de la lengua bascongada o Ensayo crítico filosófico de su perfección y antigüedad sobre las que se conocen izeneko obra eman zuen argitara, Larramendi ondorengo lehen apologia lana, euskara gizadiaren lehen hizkuntzatzat hartuz. Obra ugari idatzi zuen Astarloak —Arte extenso, Diccionario de apellidos, Plan de lenguas,…— baina bakarra argitaratu zen ondoko urteetan (Discursos filosóficos sobre la lengua bascongada, 1883). Gure egunetara iritsi ez den Gramatika baten egilea, Astarloak modu arrazional eta erraz batez argitu zuen euskal aditzaren nondik norakoa, Humboldten esanetan. Oinarririk gabeko etimologismoak harrapatuta, ordea (Court de Gebelinen teoriei jarraituz), euskararen nagusitasuna bide horretatik frogatu nahi izan zuen; horretan, eragin handia izan zuen Azkuerengan eta Arana Goirirengan.