Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Asociación Eúskara de Navarra

1878ko urtarrilaren 6an, foruen galerari erantzuteko asmoz, Nafarroan sortu zen elkarte foruzale eta euskaltzalea. Bultzatzaileak hauek izan ziren: Juan Iturralde y Suit, Arturo Campion, Nicasio Landa, Esteban Obanos, Florencio de Ansoleaga, Anteo de Irazoqui, Aniceto Lagarde, Fermin Iñarra, Salvador Echaide, Estanislao de Aranzadi eta Herminio de Oloriz. Egitasmoaren arabera, honako helburu nagusiak zituen elkarteak: «euskaldunen hizkuntza babestu, literatura bultzatu eta historia hedatu; euskaldunen legedia ikertu eta Euskal Herriko ongizate moral eta materialaren aldeko bide guztiak urratu». Helburuak kulturalak baziren ere, laster agertu ziren ukatu ez zituzten behar politikoak. «Asociación Euskara»ko euskaroak abertzale nafarren aitzinekoak izan ziren, beraiek sortu zuten «Zazpiak Bat» lema abertzalea, Euskal Herri osoko —Bizkaitik Zuberoaraino— euskaltzaleekin jarri ziren harremanetan, besteko euskaltzaleak ere onartu zituzten taldean eta postuak lortu zituzten udal, diputazio eta gorteetan. 1886. urtean, nafar tradizionalistak berriz ere indarturik baitziren, hasi zen Asociación Euskarako partaideen gainbehera politikoa. Halaz ere, ezin uler daiteke euskal abertzaletasunaren sorrera, Nafarroan eta Euskal Herri osoan, «Asociación Euskara»k urraturiko bidea ezagutu gabe. 1878 eta 1883 urteen artean Revista Eúskara hilabetekaria argitaratu zuten, elkartearen adierazpide ideologiko-politikoa. El Arga (1880-1881) eta Lau-Buru (1882-1886) aldizkarietan ere idatzi zuten. Asociación Eúskara elkarteak, bestalde, antolatu zituen Hego Euskal Herriko Lore Jokoak, Antoine d’Abbadiek Ipar Euskal Herrian 1852. urtean abiarazi zituenen modura. Hegoaldeko lehen euskal jaia Elizondon egin zen, 1879. urtean.