Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Asimov, Isaac

Errusiar jatorriko zientzialari eta idazle estatubatuarra (Petrovitxi, 1920 - New York, 1992). 400 liburu baino gehiago argitaratu zituen, eta zientzia gaiei buruz idatzi zituen dibulgazio liburuak zientzia fikziozkoak bezain ezagunak dira. Hiru urte zituela Estatu Batuetara joan zen familiarekin eta New Yorkeko Brooklin auzoan hazi zen. Zientzia eta Arte ikasketak egin zituen, eta Filosofian doktoratu zen Columbiako Unibertsitatean. 18 urte zituela argitaratu zuen bere lehen zientzia fikziozko istorioa. 1949an biokimika irakasten hasi zen Bostongo Unibertsitatean. Hurrengo urtean argitaratu zituen bere lehendabiziko bi liburuak: Pebble in the Sky (Harria zeruan) satira futurista, eta I, Robot (Ni, Robota) thrillerra. Bere idazlanen erritmoa eta kopurua handitu zenean New Yorkera joan zen free-lance gisa. Zenbait hamarkada igaro ondoren, Asimov-en The Intelligent Man’s Guide to Science (1960, Gizon Argiaren Zientziarako Gidaliburua) eta Today and Tomorrow and… (1973, Gaur eta Bihar eta…) liburuek ospea izaten jarraitzen dute ikertzaileen artean. Bere emazte Janet-ekin batera liburu sailak idatzi zituen haurrentzat Norby izeneko robot nahastu bati buruz. How Did We Find Out (Nola deskubritu genuen) sailean zenbakietatik (1973) hasi eta fotosintesia eta mikrouhinetaraino (biak 1989koak), askotariko gaiak erabili zituen. Gazteentzat egin zituen liburuetako gaien artean, dinosauroak, sumendiak, DNA, burmuina eta abar daude. 1989an, era berean Nemesis nobela, eta Asimov on Science (Asimovek zientziari buruz zer dioen), 30 urtez Fantasy and Science Fiction aldizkarian atera zituen artikuluen bilduma argitaratu zituen.