Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arneson, Robert

Estatubatuar artista (Kalifornia, 1930 - Kalifornia, 1992). Hamazazpi urte zituela hasi zen bere jaioterriko egunkarian astekariko kirol karikaturak egiten. Arte ikasketak egin zituen, eta Arteko irakaslea izan zen hainbat eskolatan. Marrazkigintza utzi eta zeramika lanei ekin zien gero. 1950eko hamarkadaren amaieran buztinaren aukerak aztertzen hasi zen, eta ohiko ontzi eta katiluez gainera botilak ere egiten zituen. 1962an Kaliforniako Unibertsitateko Zeramika Departamenduko buru egin zuten, eta 1973an bertako Arte irakasle izendatu zuten, baina ez zion sekula sormen lanari utzi. Bere lanak eragin handia izan zuen Estatu Batuetako zeramikagintzan. Eguneroko gauzak eta gaiak erabiltzen zituen bere lanetan. Publizitate esloganak ere sarri erabili zituen (Things Go Better With Coke, Diet Coke). Bere lanik aipagarriena Alice House (Aliziaren etxea) da. 1970eko hamarkadan erretratuak egiten hasi zen. Bere buruaren eta lagunen eta miresten zituen artisten umorezko erretratuak egin zituen.