Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arias, Ricardo M

Panamar politikaria (Washington, 1912 - 1993). Estatu Batuetan ikasi ondoren, Panamara joan eta diputatu gisa hasi zen politikagintzan (1944-1948). Gero, Arnulfo Arias lehendakariaren bigarren agintaldian (1949-51), hainbat ministeriotako buru izan zen. 1955ean, Errepublikako lehendakariorde zela eta J.A. Remon lehendakaria hil zuten atentatuaren ostean (1955-01-02), Panamako lehendakari izendatu zuen herrialde hartako Batzar Nazionalak. Panamako ordezkari izan zen Panamako Kongresuaren 120. urteurrena ospatzeko Panama hirian egindako Ameriketako estatu-buruen bileran. Biltzar horretan, D. Eisenhower Estatu Batuetako lehendakariak eta beste 19 estatu-buruk Panamako Adierazpena sinatu zuten. 1956an Ernesto de la Guardiak ordezkatu zuen. Urte batzuk geroago, Coalición Patriótica Nacional alderdiaren lehendakarigai izan zen. Estatu Batuetan enbaxadore (1964-68) eta abeltzainen elkarteko eta Panamako hegazkin konpainiako lehendakari ere izan zen.