Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arbasino, Alberto

Italiar legegizona eta idazlea (Voghera, Milandik hurbil, 1930). Milanen, Parisen eta Hagan egin zituen zuzenbide ikasketak. Bere lehenengo eleberria, Distesa, 1955ean argitaratu zuen Paragone aldizkarian. 1956tik aurrera bidaiak egin zituen mundu osoan zehar eta hainbat aldizkaritarako artikuluak egiten hasi zen, hala nola, Paragone, L’Illustrazione italiana, Il Mondo. 1957an Einaudi argitalpenek Le Piccole Vacanze bilduma argitaratu zioten. 1959an Feltrinelli argitaldariak Le Piccole Vacanze kontakizuna eta L´Anonimo Lombardo eleberria berrargitaratu zituen baina aldaketa batzuekin. Eleberri horretan egilearen obra osoaren proiektua azaltzen da; testua osagai deskribatzailez eta irudizkoez beteta dago. Eleberri-saiakera bat da, eta egitura hori bera egilearen beste lan batzuetan ere aurki daiteke: Fratelli d’Italia (1963) eta Super-Eliogabalo (1969) besteak beste. La Bella di Lodi eleberria da Arbasinoren eleberri tradizional bakarra. Saiakera liburuen artean aipagarriak ditu: Certi romanzi (1964), Grazie per le magnifiche rose (1965), Off-off (1968), eta Sessanta Posizioni (1971) artikulu bilduma. Idazle postmodernoen eredutzat hartzen da Arbasino.