Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arazuri, José Joaquín

Nafar sendagile eta historialaria (Iruñea, 1918 - Iruñea, 2000). Zaragozan egin zen sendagile 1944an, eta 1947an pediatrian espezializatu zen. Pediatra bezala eman zuen bere bizitza Iruñean baina, horrez gainera, bere jaioterriaren historiari buruzko ikerketa lana itzela egin zuen. Lan horren emaitza izan ziren, besteak beste, Pamplona calles y barrios, Pamplona antaño, Pamplona estrena siglo eta Pamplona Belle Époque liburuak. Zuzentasun zientifikoari muzin egin gabe, bere lanen emaitzak jendartean zabaltzea izan zen bere kezketako bat, estilo arin eta irakurgarrian. 1992an Hiriaren Urrezko Domina eman zion Iruñeko Udalak lan hori eskertzeko.