apar-harri
iz. Geol. Sumendietako harkaitza, kolore oso argikoa eta porotsua. Egitura beiraren antzekoa du eta beirazko aparraren itxura du harriak berak ere. Labak, sumendietan disolbatuta dagoenean lurrina eta gasak izaten ditu osagai. Arrazoi horregatik da hain porotsua harria, sumenditik ateratzen denean hedatu egiten baita. Hain bortitza izaten da leherketa, non harkaitza haustu egiten baita sarri; pumizita izena hartzen du hauts horrek. Apar-harria gauzak leuntzeko erabiltzen da eta bere hautsa berriz garbigai arruntei nahasten zaie, metalak garbitzeko erabiltzen direnei eta hortzak garbitzekoei batez ere. Xehetuta, apar-papera egiteko balio du. Italian dagoen Lipari uhartetik ateratzen da kalitate oneneko apar-harria.