Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

antibiotiko

iz. Med. Zenbait mikrobioren hazkundea galarazten duen gaia.        
■ Sendagai batzuek gorputzeko organismo kutsagarrien (bakterio, birus, onddo edo protozoo eta abarren) hazkundea moteltzeko edo galarazteko ahalmena dute. Sendagai horietako batzuei antibiotiko esaten zaie. Antibiotiko horietako batzuk zenbait mikroorganismo bizik (bakterioak, onddoak, lizunak) sortuak izan daitezke; beste batzuk, berriz, osotara edo zatiz, sintetikoak dira, artifizialak alegia. Penizilina da, segur aski, antibiotikorik ezagunena. Penizilaren aurkikuntzak eta garapenak eritasun kutsagarri –eta garai batean hilgarri– asko sendatzeko ahalmena eman zion medikuntzari. ■ Antibiosia. Antibiotiko baten eta organismo kutsagarri baten artean sortzen den harremanari deritza antibiosi; bi organismoren elkarketan batak bestea hondatzea edo hiltzea adierazten du hitz horrek. Gizakia mikrobioek erasotzen badute, organismoa kaltetzen da; baina gorputzeko defentsek aurre egiten badiote mikrobioen erasoari, mikrobioak dira kaltetuak. Pertsona baten gorputzeko babes sistema antibiosia bere alde kontrolatzeko gauza ez denean, antibiotikoak erabiltzen dira balantza osasunaren aldera makurtzeko. ■ Homeostasia. Gorputzak oinarrizko funtzio fisiologikoen oinarriei muga egonkorretan eusteko duen joerari homeostasia esaten zaio. Gorputzaren eta gorputzean bizi den bakterioaren artean dagoen harremanaren araberakoa da. Gorputz azalean, adibidez, bakterioak daude beti. Azala ebakitzean edo zauri bat egitean bakterioak gorputz barrura sar daitezke eta infekzioa eragin. Fagozitoek eta immunitate sistemako beste zenbait gertaerek bakterioak suntsitu ohi dituzte. Baina immunitate sistemak aurre egin dezakeena baino bakterio gehiago sartzen denean, edo kutsatutako pertsonak infekzioaren aurrean erresistentzia gutxi duenean, eritasuna sortzen da, eta antibiotikoetara jo behar izaten da, homeostasizko egoera berreskuratuko bada. ■ Antibotikoen eragina. Antibiotikoak bakterioestatikoak edo bakteriozidak izan daitekeze, alegia, bakterioen hazkundea galarazten dutenak edo bakterioak hiltzen dituztenak. Bai zeregin baterako bai besterako, antibiotikoa bakterioarekin harremanetan jarri behar da. Uste da antibiotikoek bakterio zelulen gainaldea kaltetzen dutela, eta ugaltzeko ahalmena hondatzen. Antibiotikoaren eragina laborategian aztertu denean, argi ikusi da sendagai kopuru handia behar dela bakterioa hiltzeko edo honen ugalkortasuna galarazteko. Baina antibiotikoa kopuru handitan hartzeak, bakterioa hiltzen badu ere, pertsona gaixotzea eragin dezake. Beraz, antibiotikoa kopuru txikitan eta segidan hartu behar da. Horrela, bakterioa hilko ez balitz ere, oso murriztuta geratuko litzateke, eta gorputzak berak menderatuko luke. Antibiotiko gutxiegi hartzen denean, berriz, bakterioak bere burua babesteko eta sendagaiari aurre egiteko bideak sor ditzake. Hurrengo batean bakterio horren aurkako antibiotikoa behar izanez gero, baina, batere eraginik ez izatea gerta daiteke.