Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

animalia

iz. Sentitzeko eta berez mugitzeko gauza den izaki bizia. || Gizakia ez beste edozein animalia.  v  Munduan diren organismo bizi guztiak bitan sailka daitezke: animaliak eta landareak. Izaki bizidunek dituzten berezitasunez gainera, animaliek badituzte zenbait, landareetatik bereizten dituztenak: a) kitzikadurak sumatu eta erantzuteko gaitasuna, sentitzeko eta animaliaren funtzioak koordinatzeko balio duen nerbio sistema baten bitartez; b) mugikortasuna, horretarako ehun berezi bat, gihar ehuna, baliatuz; c) zelulosazkoak ez diren zelula mintzak; d) hazkunde finko berezitua, adin batean gelditzen dena, mota bakoitzean berezia dena; e) gai inorganikoetatik gai organikoak sintetizatzeko ezintasuna; f) metabolismoaren soberakinak kanpora egoztea, horretarako bereziak diren organoen bidez; mota bakoitzean gorputzak itxura bera izatea. Bereizkuntza horiek, ordea, askoz ere zehaztu zailagoak dira zelula bakarreko izaki bizidunetan. v  Sailkapena. Izaeraren eta, batez ere, eboluzioaren araberako jatorriari jarraituz, hemeretzi sailetan banatu ohi dira animaliak, nahiz kopuru hori autoreen arabera aldatu egiten den:
1) Protozooak. Eraketa soilena duten animaliak, zelula bakarrekoak baitira, oinarrizko organuluak dituztela. Erdibanatuz ugaltzen dira. Zenbaitetan kare-oskol bat izaten dute. Uretan edo lur hezetan bizi dira, edo beste animalia edo landareen bizkarroi gisa.   
2) Poriferoak. Globo itxurako gorputzekoak; gorputz adartsua, irregularra izaten dute; gorputza inguratzen dieten hormak zulotxoz beteak izaten dituzte, barneko gelatxoekin komunikatzeko. Karaitz edo silizezko arantzatxozko hezurdura izaten dute. Ur hondoan bizi dira, itsasoan gehienetan.    
3) Zelentereoak. Gorputza zaku baten gisakoa dute, aho inguruan erroak dituztela. Uretan bizi dira, gehienetan multzotan. Gemazioz (hidra) edo txandakako generazioz ugaltzen dira, behin sexu bidez eta hurrengoan sexu gabe (marmoka).        
4) Ktenoforoak. Itsasoko animalia gorputz-luzeak, bi erradioko simetria dutenak. Zilioz mugitzen dira. Ahoaz, estomodeoaz eta urdailaz osatutako digestio organoa dute; ez dute uzkirik. Hermafroditak dira, eta ugalketa sexu bidezkoa dute.   
5) Platelmintoak. Zizare zapal edo zerrenda gisakoak, uretan, lehorrean edo beste animalia batzuen bizkarroi gisa bizi direnak. Garun gune bat dute, eta kirio hari soil batzuk. Sexuz nahiz sexu gabe ugaltzen dira.     
6) Nemertinoak. Zizare zapalak, uretan bizi direnak. Digestio organo osoa dute, ahotik hasi eta uzkian bukatua. Odolaren zirkulaziorako hodi sistema bat dute. Sexuz nahiz sexu gabe ugaltzen dira, eta galdutako zatiak berritzeko gaitasuna dute.      
7) Askelmintoak. Animalia txikiak, hari itxurakoak. Uretan edo bizkarroi gisa bizi dira. Ez dute odolaren zirkulazio organorik, ez arnasketarakorik. Sexu desberdintasuna dute, eta, zenbaitetan, ugalketa partenogenesi bidezkoa izaten da.       
8) Ketognatoak. Itsasoko animalia txikiak, bi aldetarako simetria dutenak. Albo hegalak eta isatsa dituzte; burua ongi bereizia, bi begirekin; gerria eta isatsa. Nerbio sistema bat dute, eta digestio organo osoa.  
9) Briozooak. Uretako animalia txikiak, itsasokoak gehienak. Multzotan bizi dira. Hermafroditak dira.      
10) Brakiopodoak. Itsas animaliak dira; bi oskolez osatutako estalkia dute. Gehienetan badituzte pedunkuluak, zeloma egiazkoa, bi erro luze aho inguruan, digestio organoa, eta bihotza.           
11) Ekinodermoak. Erradio simetria duten itsas animaliak dira, egiazko zeloma dutenak. Ibiltzeko ointxoak dituzte. Gorputzaren hormak karaitzezko xaflak edo arantzak izaten ditu. Sexuak bereizita egoten dira ia beti. Erraz osatzen dituzte galdutako atalak.      
12) Soinberak edo muskuiluak. Gorputz biguneko animaliak. Uretan, lehorrean edo bizkarroi gisa bizi dira. Sabelpeko gihar baten bidez mugitzen dira askotan. Gorputzaren gainerakoa burua eta erraiak izaten dira. Azalak sortzen duen karaitzezko oskol batez babesten dira. Zenbaitetan bi oskol izaten dira (txirla); beste zenbaitetan oskola gorputz barruan dago (txibia). Gehienetan sexu desberdintasuna izaten da, baina hermafroditak ere badira. Arnasketa birikaz, azaletik edo brankia edo zakatz bidezkoa izan daiteke. 
13) Anelidoak. Gorputz biribileko zizareak izaten dira; gorputza segmentutan ongi banatua izaten dute gehienetan, bai barnetik bai kanpotik. Uretan, lehorrean edo bizkarroi gisa bizi dira. Odol zirkulazioaren sistema itxia dute; egiazko zeloma; nerbio sistema garun gisako gongoilez eta kirio hariz osatua; digestio organo osoa. Azaletik edo brankiaz hartzen dute arnasa.
14) Onikoforoak. Anelidoen eta artropodoen arteko animaliak, bien ezaugarriak baitituzte.            
15) Artropodoak. Giltzaduraz osatutako hankak dituzten animaliak. Gorputza barnetik segmentutan banatua dute, kanpo hezurdura gogor batez babestua. Oinak beti kopuru bikoitian banatuak. Arrautzez ugaltzen dira. Hauen artean krustazeoak, harrak, miriapodoak, intsektuak sartzen dira.    
16) Kordatuak. Alde bitarako simetria duten animaliak dira. Beren garapen uneren batean kartilagozko hari bat (notokordioa) dute ardatzean, brankiak, eta kirio hari bat, digestio organoaren eta notokordioaren atzean. Hauen artean sartzen dira arrainak, anfibioak, narrastiak, hegaztiak eta ugaztunak.