Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hanibal

(Fenizieraz “Baal jainkoari eskerrak”) Kartagoko jeneral eta estatu gizona (Kartago, K.a. 247 - Bitinia, 183). Amilkar Barkaren semea, aitak erromatarrenganako gorrotoa erakutsi zion. Aitari lagundu zion Espainian, eta hura hiltzean, bederatzi urte zituela, bere koinatu Asdrubalen agindupean jarri zen. Hura hil zenean, armadak buruzagitzat hartu zuen (K.a. 221). Erromaren aurkako mendekua hartu nahirik, erromatarren aliatua zen Sagunto hiriari setioa jarri zion (219), eta II. Gerra Punikoa abiatu (K.a. 219-201). Espainian bere anaia Asdrubal Barka utzirik, iberiar eta zeltiar mertzenario anitzez hornituriko armada indartsu batekin Italiara lurrez iristeko egitasmoari ekin zion. Pirinioak, Alpeak eta Apeninoak zeharkaturik garaipen batzuk lortu zituen (Tesino, Trebia, Trasimena, Canas), baina Erroma ezin harturik eta Kartagok bertaratzeko deiturik (203), erromatarrak nagusitu zitzaizkion Zaman (202). Hausiabartza horren arrazoiak Kartagoko agintarien berekoikeriari egotzirik eta Alderdi Demokratikoaren buruzagi zela, erreforma politiko-ekonomikoak eta militarrak bultzatu zituen. Sufeta izendaturik, Erromara salatu zuten etsai politikoek, Tirora erbesteratu behar izan zuelarik (196). Siriako Antioko III.aren gortean lehenik eta gero Bitiniako Prusias erregearen ondoan babesa harturik, Erromaren aurka borrokatzen saiatu zen beti. Berauek Prusiarengandik Hanibal beren eskuetan jartzea lortu zutenean, Hanibalek bere burua pozoitu zuen.  v  Gizon jakintsua, printze helenistikoaren zenbait ezaugarriz hornitua, garaiko jeneral handienetarikoa izan zen. Erromako historialariek, gerorako geratu den iturri bakarrak, odolzale, doilor eta zikoitz aurkezten dute.