Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Andrianov, Nikolai

Errusiar jatorriko gimnasta sobietarra (Vladimir, Errusia, 1952). Sobietar eskolaren gimnasta onenetakoa. Bere olinpiar karrera Munichen hasi zen 1972an eta 1980an amaitu zen Moskun. Bitarte horretan urrezko zazpi domina irabazi zituen, zilarrezko bost eta hiru brontzezko: bera da Olinpiar Jokoen historian domina gehien irabazi dituen gimnasta. 1970ean, 16 urte zituela, Sobietar Batasuneko talde nazionalean hartu zuten ordezko gisa. 1972an irabazi zuen Munichen lehen urrezko domina lurreko ariketetan, brontzezkoa zaldi jauzian eta zilarrezkoa taldeen arteko lehiaketan. Montréalen urrezko lau domina jaso zituen (lurrean, zaldi jauzian, eraztunetan eta sailkapen orokorrean), bi zilarrezko (barra paraleloetan eta taldeka) eta brontzezko bat (zaldi eraztundunean). Aurreko bi aldietan garaile izan zen Sawao Kato japoniarrari aurrea hartu zion proba orokorrean. Munduko Koparen 1975eko eta 1977ko saioetan eta 1978ko Munduko txapelketan lehen titulua irabazi zuen. 1980an, Olinpiar Jokoak Moskun egin zirenean, urrezko domina irabazi zuen zaldian eta taldeko proba konbinatuan, zilarrezkoa sailkapen orokorrean eta lurreko ariketetan, eta brontzezkoa barra finkoan. 54 sari eskuratu zituen, guztira, bere karrera osoan.