Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Andersson, Claes

Finlandiar idazle, musikagile, psikiatra eta politikaria (Helsinki, 1937). XX. mendearen bigarren erdiko finlandiar gizarte eta kultura munduko pertsona ospetsua. Medikuntzan doktoratu eta psikiatrian espezializatu zen. Musikan, piano jotzaile gisa (jazz kontzertuak emanez), musikagile gisa eta letra idazle gisa aritu da. Politikan ere parte hartu du, lehenik bere herriko parlamentuko diputatu gisa (1987tik aurrera); bere alderdi politikoaren, Ezkerreko Batasunaren presidente gisa (1990etik aurrera) eta, azkenik, Finlandiako Kultura ministro gisa. Hala ere literaturan nabarmendu da batez ere, eta bere izena nazioartera hedatu da. Antzerkiak eta literatura kritikako liburu ugari idatzi du, baina poesiak eman dio ospe handiena. Bai gaiei bai baliabide estetikoei dagokienez, Poesia soziala izenaz ezagutzen denaren barruan koka daiteke bere poesia. Ironiaz eta umorez erabiltzen ditu topikoak eta jakite arrunta.