Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Anatasoff, John Vincent

Estatubatuar fisikaria (Hamilton, New York, 1903 - 1995). Elektronika digitalaren erabileran aitzindaria eta ENIAC lehen ordenagailu elektroniko digitalaren gurasoetako bat. 1927-1942 bitartean irakaslea izan zen Iowa State Collegen, eta 1939an bere laguntzaile Clifford E. Berryrekin batera, hilabete gutxi batzutan, erabilera orokorreko makina txiki baten eredua egin zuen. ABC izena eman zioten (Anatasoff-Berry Computer). 1939an hasi ziren ordenagailua bera egiten, eta 1942an Bushen analizadore diferentziala (garai hartako ordenagailu analogiko zehatzena) baino 100 aldiz zehatzagoa zela frogatu baldin bazen ere, Bigarren Mundu Gerraren eraginez bertan behera utzi zen proiektua. Anatasoffek bere diseinuan oraindik ere gaur egungo ordenagailu modernoetan erabiltzen diren zenbait elementu erabili zituen: kondentsadoreak (memoria RAM askok erabiltzen dute prozesu hori), edota aritmetika bitarra. Elektronika digitala erabiltzen zuen lehen ordenagailua, ENIAC, aurkeztu zenean ez zen aitortu Anatasoffekiko zuen zorra, eta 1967an Sperry Rand Corporationek auzitara eraman zuen Honeywell Inc., ordenagailu hori aspaldiagoko ABCren diseinuan oinarritzen zela argudiaturik. 1973an baliorik gabe utzi ziren ENIAC-en patenteak.