Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Amour, Louis Dearborn L'

Estatubatuar idazlea (Jamestown, Ipar Dakota, 1908 - 1988). Ahozko tradizio aberatsa jaso zuen etxean, txikitatik Mendebalde Urrunaren lehen konkistatzaileen abenturak eta indiarrekiko borroken istorioak entzun baitzituen. Hortik atera zuen bere nobeletarako gaia. Bere bizimodua ere nobeletakoa izan zen. Hamabost urte zituela utzi zuen eskola eta mendebaldera jo zuen, era bateko eta besteko lanak eginez. Hogei urte inguru zituela Ekialde Urruneko zenbait tokitan ibili zen. Han ere ez zuen zorte handirik izan, ordea, eta berriro bere sorlekura itzulita, boxeolari egin zen. Gero, Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen eta bere soldadu lagunek behin eta berriz eskatzen zioten Mendebaldeko lehen kolonoen istorioak kontatzeko. Istorio horiek pizten zuten interesa ikusita, idazten hasi zen. 1951n argitaratu zuen lehen nobela, Tex Burns ezizenaz: Hopalong Cassidy eta High Rock-eko zaldunak. 1953an kaleratu zuen Sakona, bere nobelarik ezagunenetakoa. Arrakasta handia izan zuen, bai kritikaren aldetik eta baita irakurleen aldetik ere. 1953-1958 bitartean 15 eleberri kaleratu zituen. Oso eleberri originalak idatzi zituen: bere heroiek, betiko gogortasunaren atzean, erromantikotasun kutsu bat zuten, eta ekintzaren erritmoa oso azkarra zen, indarkeria gehiegi gabe. Bere azken nobelak familia-sagak izan ziren. Europatik etorritako zenbait familiaren arrastoa jarraitu zuen eta 40 nobela idazteko gaia atera zuen bere ikerketetatik. Sackett-arrei buruzko nobelak dira, esate baterako, Urruneko mendi urdinetarako bidean (1976), Gizon bakartia (1971) eta Broken Hills-eko gizona (1975).