Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Amilkar Barka

Militar eta politikari kartagotarra (K.a. 290 inguruan - Elche, 229). Hanibalen aita eta Asdrubalen aitaginarreba. Lehen gerra punikoan Siziliako gudaroste kartagotarraren buru, jarduki egin zien erromatarrei Heirktê-n, Palermo ondoan, eta Erix mendietan; baina laguntzak iritsi ez eta amore eman behar izan zuen, Erromari errendatu eta bakea negoziatu behar izan zuelarik (241). Gero, Kartagoko senatuak hala agindurik, mertzenarioen errebolta (240-237) zapaldu zuen. Espainian lehorreraturik (237), penintsularen hegoaldea beretu zuen, Nao lurmuturreraino iritsiz, erromatarrekin itunduriko mugetatik harago. Alacant ondoko Akra Leuke hiria sortu zuen, bere armadaren ekintzen babes eta abiagunea bertan ezarriz. Elche hiriari setioa jarritakoan hil zen, Orisson oretiarrak erasoa jo eta ihesari eman behar izan zionean.